Bi taldetan hasi beharko dugu denboraldia

Azkenean martxan gara! 7 hilabete eta itxaronaldi luze baten ostean hemen gara berriro ere. Gure azkeneko emanaldia Algortako inauterietan burutu genuen, urteko bakarra. Martxoaren 6an gure azkeneko entsegua burutu genuen eta geroztik ez dugu aukerarik izan elkarrekin aritzeko. Musika eta lagunen falta sumatu dugu eta berezia izan da berriro ere elkar ikustea.

Konfinamendua hasi zenean, “Sorotan Bele Gogoan” proiektuan murgiltzen hasiak ginen; lehen abestien irakurketak egiten, pasarte ezberdinak lantzen… baina lanketa hori bat batean eten egin behar izan genuen. Maiatzaren 30ean aurreikusita genuen birako lehen kontzertua Larrabetzuko frontoian. Sarrera mordoa saldu ziren baina hasiera batean hilabete batzuetarako zena gaur egun pairatzen jarraitzen dugu: COVID-19-ak sorturiko buruhausteak.

 

 

 

 

 

Urriarekin batera musika itzuli da gure errutinetara. Zaila izan da buelta eta egoera oraindik ere kritikoa izaten jarraitzen du. Banda bi taldetan antolatu behar izan dugu eta entsaiatzeko arazoak ditugu lekuarekin. Bai eta entsegu orokorrak burutzeko espazio arazoak ere.

Itsasadarraren alde honetan aberatsak garen fama izan dugu beti. Eta bai noski! Aberatsak gara herri mugimenduan, elkartegintzan, kultur mugimenduan, auzolanean. Eta pandemiak gogor jo arren, elkarteok dantza, musika, kantu eta akrobazia gehiagorekin erantzungo dugu!

Ez ohiko egoera honen aurrean, inoiz baino babes gehiago beharko dugu eta benetan erraztasunak eman, herriarenak diren espazioak eta baliabideak erabiltzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da hau, ezin dugulako ahaztu gu garela herri honen altxorrik preziatuena. Gora herri mugimendua!