Dakizuenez, ekainaren 21ean Muxikebarriko Ereaga aretoan Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin arituko gara Irribanda emanaldi berezian. Ezin da ukatu pailazo hauek euskara eta gure kulturari eskainitako bultzada eta babesa. Horrez gain, Irrien Lagunak proiektuak gizartean bizi ditugun egoera asko jorratzen ditu. Horietako bat, ospitaletan denbora asko ematen duten milaka umeri babesa eta maitasuna ematea da. Baina hirukote honetaz gain, hainbat elkartek ildo berean lan egiten dihardute eta horietako bat Irrikiclown pailazoak dira.
Irrikiclown 2008. urtean sorturiko irabazi gabeko pailazo elkartea da eta borondatezko lana oinarri izanik, jarduera artistikoa Gurutzeta ospitaleko 5. solairuan dauden haur, familia, mediku talde eta lagunei hurbiltzen diete. Hauen antzezlanek, ospitaleko giro latza momentu batez ahaztu eta beste dimentsio batera salto egitera gonbidatzen dute haurra, bizi kalitatea, giro atsegina eta bizipoza sustatuz.
Bisitaldiak astean behin burutzen dituzte eta antzezlekua ospitaleko gela, korridore edo itxaron gelak izaten dira. Baina irteera hauek ekonomikoki esfortzu handia eskatzen dute, horregatik “migranitodearena.org” orrialdetik, guk ere hondar ale bat jartzera gonbidatzen gaituzte. Lagunduko?