2019ko azaroaren 13a, Xabi Zabalak lehen lau abestiak bidali zizkigun eta Asier Ituarterekin abestiak irakurtzen hasi ginen, Kimetz Abesbatzarekin batera Gabonetako kontzertua prestatzen ari ginela. Urtarrilean beste bi abesti bidali zizkigun. Ordurako buru belarri jarriak ginen, bi data buru-artean genituen, Larrabetzukoa, apirilak 26 eta Getxokoa, ekaina 30. Baina beste konpromiso batzuk eskuartean genituenez, irakurketa hutsa besterik ez genuen egin otsailean. Martxoaren 12an denon bizitzak aldatu ziren; pandemia hasi zen.
Urriaren 5era arte ezin izan ginen jarduerarekin hasi. Hasiera hau oso korapilatsua izan zen, kontingentzia plan bat diseinatu behar izan baitkenuen. Banda bi taldetan banatu behar izan genuen. Alde batetik metal eta perkusio taldea sortu genuen, Asier Ituarteren zuzendaritzapena, eta bestetik, zuren taldea, Ane Legarretaren zuzendaritzapean.
Azaroan, osasun egoera okerrera egin eta abenduaren 14ra arte gure jarduera eten egin behar izan genuen. Urtarrilean berriro ere martxan jarri ginen, otsailaren 26an Larrabetzun eta apirilaren 26an Getxon izateko. Baina hirugarren olatuarekin batera, data hauek atzeratzen joan ziren maiatzaren 23 eta 30 finko mantendu arte.
Azken lauhileko honetan Muxikebarriko Areeta aretoan entseatzen ibili gara, distantziak bermatu ahal izateko. Apirilaren 24an Xabier Zabalaren bisita izan genuen, kontzertuaren xehetasunekin hasteko. Urte bat lanean egon eta gero nabaria izan zen bandak egindako lana. Kontzertu egunak hurbiltze ahala nabaria zen urduritasuna eta gogoa. 5 orduko entsegu luzea izan zen baina gozatzeko aukera izan genuen.
Maiatzaren 14an lehen aldiz, gure ateak zabaldu genituen kuskuxeroenentzako. Ane Legarretak kontzertuaren momenturik zailenak aurkeztu zizkien ikusleei eta giro atsegina sortu zuen musika eta azalpen artean.
Maiatzaren 21ean lehen entsegu orokorra eta bakarra egin genuen. Gure kristalezko entsegu gelan burutu genuen. Espazio faltagatik antigeno frogak pasatu behar izan genituen. EITB-ren bisita izan genuen gainera.
Maiatzaren 23an goiz hasi genuen eguna. Algortako musika eskolan kamioia bete eta Larrabetzura egin genuen. Antigeno frogak, muntaiak eta soinu frogekin goiza eman genuen. Aimarek, soinu teknikariak, sekulako erronka izan zuen, frontoietako akustikak soinuztatze lanak dezente korapilatzen baititut.
Bazkal ostean bandaren soinu froga egin eta lehen paserako prestaketa lanetan jarri ginen. Lehen pasea 17:00etan izan zen eta bigarrena 19:00etan. Hurbiltasuna, zirrara, poza eta beste hainbat emozio pilpilean ibili ziren frontoian. 30 urte geroago, Sorotan Beleko melodiak berriro ere zuzeneko batean gozatzeko aukera izan genuen. Hemen irudi batzuk:
Maiatzaren 30ean gurean izan ginen, Getxon. Pandemia osteko lehen emanaldia izan zen. Beti bezala, Muxikebarri aretoan aritzea sekulako pribilegioa izan zen, honek dituen baliabideengatik eta nola ez, gure auzokideeak gozatzen ikusteko aukera izan baitkenuen. Hemen argazki batzuk:
Kontzertu hauek ez lirateke posible izango jaso dugun laguntzarik gabe. Hasieratik Xabier Zabalak gugandik egindako apustua eskertzekoa izan da. Momentu zailak pasatu ditugu, emanaldiak hirutan atzeratu behar izan ditugu baina oztopo guztien gainetik ibili gara berari esker.
Bestalde emanaldia posible egin duten hainbat musikari izan ditugu elkarlanean. Pianoan Ane Goienetxe, Baxuan Xabier Sarasketa, Gitarra elektrikoan Endika Baster eta Pilar, Peru eta Inge tronpajoleak. Guztiei mila esker bihotzez!
Eta nola ez, musika eskolan laguntza etengabea eskaintzen ibili diren Eli, Arrate, Mikel eta Joxeani mila mila esker! Hauek egiten dute posible horrelako proiektuak egi bihurtzea.
Azkenik, eskerrik asko bai Larrabetzura eta bai Getxora hurbildu zineten guztioi. Oso urte zaila pasatu dugu eta berriro ere martxan jartzea behar genuen eta zuen babesa berriro ere sentitzeak, etorkizunera gogoz eta ilusioz begiratzeko grina pizten digu. ESKERRIK ASKO!