Algortako inauteriak 2020

Aurreko astean Algortako kaleetan ibili ginen, urtero bezala inauterietan parte hartzeko. Eguraldi kaskarra iragarrita egon arren, goizeko momentu bat kenduta, eguraldiak errespetatu zigun eta gure emanaldiak aurrera eraman ahal izan genituen.

12:00ak puntuan Tellagorri plazan ekin genion eta lehen ordua izanik, jende gutxi bildu zen inguruan. Baina Kasinora heldu orduko jendea biltzen hasi zen, inauterietako desfilearen hasiera baita.

13:00ak aldera Telletxeko parkeko aterpean jendetza biltzea lortu gunen eta hemen ere gure ikuskizuna arazo gabe burutu ahal izan genuen. Azkenik, musika eskola aurrean eskaini genuen azkeneko emanaldia eta tradizio bihurtu den familia argazkia atera genuen.

Asteak daramagu inauteriak prestatzen. Horretarako aurreko igandean elkarteko hainbat kide elkartu ginen mozorroak egiteko eta Astitz-en asteburua igaro genuen gure errepertorioa doitzeko. Orain, maiatzaren 30ean Larrabetzuko frontoian Sorotan Bele taldearekin izango dugun kolaborazioarekin jarriko gara buru belarri.