Kontzentrazio saioa Lekunberrin

Urtarrileko azken asteburua Lekunberrin eman genuen landetxe batean. Urtero bezala, emanaldi berezia prestatzen gabiltza Algortako inauterietarako eta asteburua aprobetxatu genuen prestaketa lanetarako. Ostiralean Algortatik irten ginen eta Alluitzeko landetxea ezagutu genuen. Afari eder baten ostean, jolasak antolatu genituen eta goiz oheratu ginen, larunbateko entseguan primeran egoteko.

Larunbat goizean aspaldiko partez, Ane Legarretarekin entseatzek aukera izan genuen eta beti bezala plazer handia izan zen berarekin lanean aritu eta denbora pasatzea.  Musikalia banda zuzentzeari utzi zion momentutik laguntzen ibili da eta horrelako proiektuak aurrera ateratzeko berebizikoa dugu.

Arratsaldean berriz, gure koreografoekin dantzak ikasten ibili ginen. Aurreko urtean lehen aldiz, zuzeneko musika eskaintzeaz gain, mugimendu sinple batzuk egiten saiatu ginen eta aurten ere, Julene eta Asier Castilloren zuzendaritzapean, musika eta dantza konbinatuko ditugu.

Dantza saioa eta gero, Lekunberrira jaitsi ginen herria ezagutzera eta gauean, jolasak eta abesteko denbora izan genuen. Azkenik, igandean Alluitzeko kobak ikustera joan ginen eta iluntasun osoaren sentsazioak harritu egin gintuen.