Musika, mozorroak eta giro ederra

Asteburuan Algortako inauteriak ospatu ziren eta beste urte batez bertan izan ginen. Urtero bezala, interpretaturiko abestiak mozorrora doitu genituen eta Algortatik zehar ibili ginen.

Aurtengo gaia aukeratzeko, 100 urte atzera egin eta garaiko jantziak imitatzen saiatu gara. Baita musika estiloa kopiatzen ere. Ibilbidea egun batzuk lehenago itxi genuen eta berrikuntza, bost gune ezarri eta hauetan kontzertu txiki batzuk ematea izan da. Gainera, abesti batzuei koreografia eta mugimenduak jartzen ausartu gara.

Lehenengo entseguak oso korapilatsuak eta nahasiak izan ziren. Jotzea eta dantza egitea ez da lan erresa izan eta oin nahikotxo zapaldu genituen elkarri, musika eta mugimenduak koordinatzera iristeko.

Eguna lainotsu eta hotz hasi izan bazen ere, 12:00etarako eguzkia irten eta tenperatura bikainarekin hasi genuen gure ibilbidea. Lehenengo geltokia Satistegi plaza izan zen. Behin mozorroen desfilea Basagoiti kaletik bera zihoala, gure emanalditxoa hasi eta bertako jendearen arreta izatea lortu genuen.

Martxa batekin batera, Satistegi plaza utzi eta Tellagorri plazarantza jo genuen. Hemen ere giroa ezin hobea izan zen eta ikusleek oso ondo erantzun zuten. Atsedenik hartu gabe, tren geltokiko plazarantz joan ginen eta hemen ere denbora nahitxo pasa genuen, lorturiko ikusleei asetzeko asmoz.

Eta amaitzeko, urtero bezala,  Algortako musika eskola aurrean azken emanaldia eskaini genuen, tradizio bihurtu den familia argazkia ateraz.

Bazkalordua iritsi eta instrumentuak uzteko garaia heldu zen, bazkari herrikoian parte hartzeko. Arratsaldeko giroa beti bezala, harrigarria izan zen eta beste behin ere, egun hau primerakoa eta berezia izan zen Musikaliako kideentzako.

El pase de diapositivas requiere JavaScript.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude