Asteburu itzela igaro duguna! Musika eta dantza izan dira asteburuko protagonista nagusiak eta ekitaldiz beteriko programazioaz gosatzeko aukera izan dugu. Getxoko kultura eta elkartegintzan dihardugun herritarrok urteko lanaren emaitzak plazaratu ditugu. Larunbatean, Dantza plaza ospatu zen Malakate parkean eta Romoko Kultur etxearen irekiera festa ere ospatu ziren. Igandean berriz, Biotz Alai karpan herriko kantari txikiek parte hartu zuten eta arratsaldean berriz, musikaz gozatzeko aukera izan genuen Portu Zaharrean.
Kantu&band
Musikaliari dagokionez, larunbatean Kantu&Band proiektua aurkeztu genuen. Prestaketa lanak arratsaldeko lehen ordutatik hasi ziren, soinu froga eta abesbatza ezberdinen frogekin. Larunbatekoa egun eguzkitsua izan zen baina beroa ez zen oztopo bat izan.
Banda eta abesbatzak elkarrekin aritzea ez da lan erresa. Gainera urtean zehar egutegiak bateratzeko ezinezkoa izan zaigu. Baina Musikaliarekin batera aritu ziren abeslari gazteek ez zuten arazorik izan bandaren musikara moldatzeko. Begi-bistan gelditu zen urtean zehar irakasle eta zuzendari ezberdinekin burututako lana.
Ekitaldia arrakastatsua izatearen arrazoi nagusietako bat Ane Legarretaren lana izan zen. Gure banda zuzentzeaz gain, gainerako abesbatzak zuzendu zituen eta entseguetan haurrei emandako gomendio eta animoek asko erraztu zuten banda eta abesbatzen bateratze lanak. Ane bezalako zuzendari bat izateak, musika mailan aurrerapauso handia ematea ahalbidetu digu eta orain arte burututako ekitaldien arrakastaren sekretua, bere lanean, konpromisoan eta hurbiltasunean dago.
gorputzi eguna
Duela hiru urte, Musikalia proiektuari hasiera eman genion eta kaleko formatuarekin batera Gorputzi eguna izan zen gure lehen ekitaldia. Beraz, guretzako oso hitzordu berezia da. Portu Zaharreko kale estuak gure musikaz alaitzea plazer handia da guretzako eta asko gozatzen dugu egunaz. Gainera, bertako jai batzordeak eta auzokideek primeran zaintzen gaituzten urtero. Igandean, aurtengo kaleko errepertoriora gehitu ditugun abesti berriak jotzeko aukera izan genuen.
Feten feten & musikalia
Elkartearen hurrengo ekitaldia ekainaren 21ean izango da Biotz Alai karpan. Hauxe gure urteko proiekturik handinahiena izango da eta urtean zehar egindako ahaleginak oholtzara eramango ditugu. Sarrerak salgai ekainaren 7tik aurrera.