Zer izan zen Irribanda?

Ekainaren 21ean Muxikebarriko Ereaga aretoan bizitakoa ez zen pailazoen ikuskizun soila izan. Ezta bandaren kontzertu arrunt bat ere ez. Irribanda esanahiez beteriko ekitaldi erraldoia izan zen, pailazoen zaleen, euskaltzaleen, elkartegintzako eragileen ezberdinen eta erakunde ezberdinen topagunea.

Argazkia: Josu San Jose

Lehen protagonistak Pirritx, Porrotx eta Marimotots izan ziren, musikari askoren haurtzaroko pailazoak, gurasoak diren askoren bide-lagunak eta oholtza gainean igo ziren umeen pailazoak. Ohituta gaituzten bezala, abestien eta antzezpenaren bidez helarazitako mezu indartsuak entzun eta haiekin batera kontzertuaz gozatzeko aukera izan genuen Muxikebarrin. Interpretaturiko abestiekin Getxoko bitxikeriak eta informazioa eskuratzeko aukera izan genuen. Akelarrearekin batera, Punta Begoñako galerietako bitxikerietako bat zabaldu zuten pailazoek; Sorginzulo, auzoko aiton amonen istorio eta kondairetatik berreskuraturiko leku misteriotsu eta harrigarria.

Eutsi goiari ijito! abestiekin berrizAlgortako azokatxoa “Kooperatiba San Juan” ezagutu genuen eta sarreran baratzuriak saltzen ibiltzen den emakumeari muxuak bidali genizkion. Kintxo barrileterekin berriz, Getxon bizi diren filipinetako eta boliviako familiei muxuak bidali genizkien, errefuxiatuen programan dagoen Siriako familia ahaztu gabe, non umeak geroz eta euskara gehiago hitz egiten duten.

Pailazoen abestiei melodia jartzeko erantzukizuna musikalia bandakoak izan genuen. Emanaldiaren lehen abestian bakarrik aritu ondoren, pailazoekin kolaboratzeko unea izan zen, Super Ane Legarretaren zuzendaritzapean, bera izan baitzen banda eta abesbatza erraldoiaren zuzendari. Abestietan zehar hainbat kolaboratzaile izan genituen: Pello eta Urko (Txalapartariak), Ainhoa Aranburu (Abordatzera! kantako abeslaria), Xabier Seoane (Gitar-jolea), Iñigo (baxu-jolea), Pili eta Mikel (Tronpa-joleak). Hauekin batera, gure bandako hainbat fenomeno ere izan genituen bakarlari bezala: Mikel Martinez (Tronpeta-jolea), Julene Otazua (Saxo-jolea), Ibon Perez del Palomar (Zehar txirula-jolea) eta Ubay Calle (Perkusiojolea).

Argazkia: Josu San Jose

Pailazoen ahotsei babesa ematen Biotz Alai txikikoak, Lilura abesbatzakoak eta Kimetz abesbatzakoak ibili ziren eta hauen esperientzia eta profesionaltasuna nabariak izan ziren eta hauen koreografiek, xarma eta kolore berezia eskaini zioten emanaldiari. Eta Musikalia Elkartetik eskerrak ematerakoan Juanlu (Biotz Alai), Esther eta Mariasun (Lilura Abesbatza) eta Keltxe eta *** (Kimetz Abesbatza) gogora etortzen zaizkigu. Baita pailazoekin batera dantzan aritu ziren Iraide, Noe, Janire, Maria eta Iratxe ere.

El pase de diapositivas requiere JavaScript.

Kontzertua errepasatuz, Irribanda herri mugimenduan hasi eta garatu den proiektua izan da, non elkartegintzan boluntario bezala lan egiten dugunon parte-hartzaile askoren laguntza ezinbestekoa izan den. Proiektu honetan herriak kultura alorrean duen potentziala eta muskulua erakutsi genuen eta emaitza paregabea izan zen, euskara, elkartegintza, elkartasuna, herri nortasuna eta talde kohesioa arrakastaren sekretua izanik.

Gainera Muxikebarriko lehen kontzertu handia izan zen artistei erreparatuz, 140 lagun bildu baikinen oholtza gainean. Urte asko pasatu behar izan dira bertan aritzeko baina itxaronaldiak merezi izan du. Getxotarrok eta bereziki kultura arloan lan egiten dugunok tenplu berria dugu eta etorkizuneko arrakasten sorleku izango da.

Azkenik, eskerrak eman bihotzez Muxikebarriko Jesusi (Segurtasun burua) egonaldia errazagoa egiteagatik, Felixi (Telesonik) kontzertua primeran irteteko egindako ahaleginengatik, Vegari (Rejidora) ordutegia eta plangintza betetzeko laguntzeagatik eta Leireri (Kultur Etxea) proiektuari eskainitako babesagatik eta lana errazteagatik.